Alberto Pradilla.
Guatemala. Presidentetzarako hauteskundeak. ANALISIA

Trumpekin moldatu beharko duenaren bila

2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Sandra Torres edo Alejandro Giammattei: sozialdemokrazia light baten ordez establishment kontserbadore bat hautatu zuen hautagai eternala, edo lehen aldiz bigarren itzulira iritsi den hautagai ekina. Bietako batek ordeztuko du Jimmy Morales Guatemalako presidente gisa, eta eginkizun eskerga izango du aurrean. Izan ere, herrialdea krisi politiko larri batean murgilduta dago, gaur egungo presidenteak eta haren aliatuek —enpresari eta militarrak— gerra deklaratu baitiote CICIG erakundeari —Guatemalako Inpunitatearen Kontrako Nazioarteko Batzordea, NBEk ustelkeriaren kontra sortutako agentzia bat—, zeina alde egitera behartu baitute zenbait gauza lortu dituen arren, hala nola aurreko gobernuburu Otto Perez Molina kartzelan sartzea. Pobrezia, indarkeria, ustelkeria eta beste arazo batzuk estrukturalak dira Guatemalan, 1960tik 1996ra izandako gatazka armatuaren ondorioz hein handi batean. Hori dena gutxi ez, eta Moralesek azken orduko opari bat utzi dio lekukoa hartuko dionari: kudeatu egin beharko du Estatu Batuekin sinatutako akordio bat, Guatemala «hirugarren herrialde seguru» bihurtu duena iparraldean asiloa eskatzen dutenentzat.

«Hirugarren herrialde seguruaren» ideia 1951n sortu zen, iheslarien estatutuaren inguruan egin zuten konbentzio batean. Teorian, formula horren arabera, babesa eskatu den herrialdeko baldintza berberak eskaini behar ditu herrialde hartzaileak: hots, Guatemalak Estatu Batuek bezalakoa izan behar luke «hirugarren herrialde seguru» izateko. Alabaina, aurtengo lehen sei hilabeteetan, 245.000 guatemalar atxilotu dituzte muga zeharkatzen saiatzen ari zirela. Alegia: segurua izan nahi duen herrialde horretako biztanleen %1,5 saiatu dira ihes egiten. Exodo horretarako pisuzko arrazoi dira, besteak beste, 2018an 3.881 pertsonaren erailketa gertatu izana, eta hamar herritarretik sei pobreak izatea. Ez: Guatemalak ez du Estatu Batuen antz handirik. Begiratu besterik ez dago Huehuetenango departamentuko Todos los Santos Cuchumatan herriko hilobiei: migrantea non hil, Estatu Batuetako edo Mexikoko bandera jartzen diote hilobian. Eta ikusi besterik ez dago zer-nolako aldea dagoen Estatu Batuetan senideak dauzkatenen etxe galanten —izarrak eta marrak apaingarri— eta herrialdearen barnealdeko zati handi bateko etxetxo homigoizko eta txapazkoen artean.

Ez: Guatemala ez da herrialde seguru bat. Are gutxiago besterentzat.

Hala eta guztiz ere, Jimmy Moralesek erabaki zuen ideia ona zela akordio hura egitea eta, hala, Guatemala lehen eranskin bilakatzea Donald Trumpen migratzaileen kontrako hesian.

Enrique Degenhart Gobernatze ministroak sinatu zuen hitzarmena Moralesen izenean. Presidentearen hurbileneko figuretako bat da ministeriora heldu zenetik, hau da, 2018ko otsailetik; garai hartan, Morales jada gerra betean zegoen CICIGen eta haren mandatariaren kontra, hots, Ivan Velasquez fiskal kolonbiarraren kontra. Baziren hilabete batzuk Moralesen familia ikertzen hasiak zirela, eta presidentea, zeina Ez ustelik, ez lapurrik leloa ahoan iritsi baitzen presidentetzara, eraso haren kontra altxatu zen. Arazo bat du, ordea: ez dirudiela aliatu garbi-garbiak aukeratu zituenik. Degenhart, hain zuzen, bi ministrorderekin batera iritsi zen Gobernazio Ministeriora —barne ministerio baten parekoa litzateke hori—: Manuel Alfonso Castellanosekin eta Kamilo Riverarekin batera. Bada, Castellanos espetxean dago gaur egun, erailketa leporatuta, eta Rivera, berriz, ihes eginda dago, hura atzeman nahian ari baitira zenbait exekuzio estrajudizialetan parte hartu zuelakoan.

Horra hor gakoetako bat: zigorgabetasuna. Moralesek salbagarri bat nahi du presidente postuan igaroko dituen azken hilabeteetarako, eta, batez ere, ez du kartzelatua izan nahi forua galtzen duenean.

Oraingoz, akordioa ez da pasatu Kongresutik. Izan ziren bi saialdi antzeko, baina bere hartan geratu ziren. Halakoxea baita Guatemala. Gobernuak behin baino gehiagotan iragarri ohi du herritarren gustukoa ez den neurriren bat onartuko duela, eta, gero, halako batean, biltzar legegileak —gobernuaren aldekoa baita oraingoz— ia ezustean onartzen du proposamena.

Presidente edo kartzelari

Ikusi beharko da nola erreakzionatzen duten hautagaiek, Torresek eta Giammatteik: Torresek esana du ez zaiola iruditzen ideia ona, baina informazio gehiago eskatu du; Giammattei, berriz, erdibidean geratu da etsipenaren eta haserrearen artean. Dena dela, ez du askorik axola zer esaten duten orain; izan ere, gauza bat da zer promes egiten duten kanpainako mitinetan, eta beste bat da zer egingo duten Trumpi aurre egiteko garaia heltzen zaienean, gogoan hartzekoa baita Trumpek esan duela Erdialdeko Amerikakoak pandillero hutsak direla, haien herrialdeak zabor hutsa direla, eta hesi bat altxatu nahi duela hartara Estatu Batuek hainbat hamarkadaz esku hartu izanaren ondorio diren horiek ez daitezen igo enplegu prekario baten eskean.

Trumpek, gainera, arma bat baino gehiago du mehatxu egiteko. Bata diru bidalketak zergapetzea litzateke; hori, berez, tragedia litzateke atzerritik aberkideek bidaltzen duten diruaren hain mende dagoen herrialde batentzat, BPGaren %12 baita diru hori Guatemalan. Beste arma bat, berriz, bisak mugatzea litzateke, eta horren jomuga eliteak lirateke zuzen-zuzenean: izan ere, barka dakieke narkotrafikoarekin loturaren bat edukitzea, baina ez, ordea, Guatemala kartzela bilakatuko lukeen lege bat arbuiatzea.

Horixe izango du esku artean Torresek edo Giammatteik: krisian dagoen herrialde bateko presidente izatea, edo Erdialdeko Amerikako, hots, munduko eskualderik ahaztuenetako bateko kartzelari izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.