Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Antisoziala izatea, geneen mende?

2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Azkenaldian, adingabeek Euskal Herrian egin dituzten delitu ankerrak izaten ari dira eztabaidagai. Zerk bultzatzen du bizitza osoa aurretik duen gazte bat lapurretara edota erailketara? Gazte horiek berezko jarrera antisoziala daukate, edo haien bizi esperientziaren biktimak dira? Galdera horien erantzuna aurkitzea ez da erraza, eta gaur egun onartzen da ingurune sozialak eta heziketak ez ezik genetikak ere baldintzatzen duela gizabanakoon nortasuna.

Kontu horiek guztiak argitzeko asmoz, 2014. urtean, Montrealgo Unibertsitatean gauzatu zen ikerketarik garrantzitsuena.17-18 urte bitarteko 1.337 ikasleri galdetegi bati erantzuteko eskatu zieten, era anonimoan. Delinkuentziaren, familia liskarren, sexu abusuen eta gurasoekin zuten harremanen inguruko galderak egin zizkieten. Gainera, ikasle horiek guztiek listu lagin bat eman zuten, ikertzaileek bertatik DNA erauzi eta hiru gene azter zitzaten: BDNF, 5-HTTLPR eta MAOA.

BDNF genea garuneko zelulen arteko konexioak berrantolatzeaz arduratzen da. 5-HTTLP genea serotonina garraiatzailea da, eta gogo aldartearekin zerikusi handia dauka. MAOA genearen funtzioa, aldiz, dopamina eta serotonina neurotransmisoreak degradatzea da. Hiru geneen funtzioa dela eta, neuronetan maila baxuan adierazten direnean, pertsonek izaera biolentoa izateko joera handiagoa izaten dutela frogatu dute. Horrekin batera, aipatutako ikerketak erakutsi zuen gene horiek maila baxuan adierazten zituzten gazteek, baldin eta sexu abusuak jasan bazituzten edota familia gatazkatsuak bazituzten, delinkuentzia maila altua zeukatela. Halere, nabarmentzekoa da, genetikoki parekoak ziren gazteek gurasoekin harreman positiboa eta egokia baldin bazuten, ez zutela delinkuentzia zantzurik erakusten.

Ez dago zalantzan jartzerik geneek garunean eragina daukatela, eta ondorioz, nortasunean ere bai. Halere, norbanakoen jokabide antisozialean gehien eragiten duen faktorea ingurunea da. Beraz, delitugileak justifikatu edo babestekotan, ezin erru guztia genetikari egotzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.