Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Zurikeria larrialdia eta klima

2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Hanburgesak kendu nahi dizkizuete [ekologistek]; Stalinek nahi zuen bezala, hain zuzen!». Jende askoren kezka edo amorrua islatzen du duela hilabete batzuk Atlantikoaz bestaldeko politikari batek botatako estatubatuarkeria horrek. NBEko IPCCk eztabaida suspertu du orain dela gutxi, elikadura ohiturei buruz mintzatzean: animalia jatorriko elikagaiak gutxiago kontsumitzea iradoki du. Abeltzaintza industrialak berotegi efektuko gas isurien %18 sortzen ditu; horrez gain, jatorri begetaleko jakiak ekoizteko baino bost aldiz nekazaritza lur gehiago behar du. Industriak 50.000 eta 70.000 milioi animalia hiltzen ditu urtero, eta kontsumoak gora egiten du etengabe.

Argi eta garbi, arazo baten aurrean gaude. Euskal Herrian, okelaren kontsumoa azken hamarkadetan baino ez da nabarmenki handitu; ez dirudi zentzugabekeria denik, beraz, berriz ere jaistea. Ziur nago kontsumo joerak aldarazteak itxura ona duela berriki «klima larrialdia» aldarrikatu duten erakunde horientzat; alegia, EAEko gobernuarentzat eta Frantziako Legebiltzarrarentzat. Horrelako erakundeek jendearen kontsumoa jomugan jartzen duten bitartean ez dute auzitan ipini behar hamarkadetan gauzatu duten txikizio ekologikoa.

Baina kontsumo berri batean oinarritutako neurri guztiak ere ez lirateke nahikoa izango berotze globalari aurre egiteko, are gutxiago gainerako krisi ekologikoak geldiarazteko: energiarena, lehengaiena, kutsadurarena... Industria sistema errotik aldatu beharko litzateke. Garraioak, hirigintza, garapena. Gerra. Ideia horiekin bat eginez, hasierako mugimendu ekologistak sen eraldatzaile handia zeukan, eta bizitza antolatzeko modu berriak uztartu zituen. Laster, ordea, zabaldu zen ekologismo teknofiloa, kapitalismo industrialak bere horretan salbatuko gaituela dioena, teknologiaren garapenaren bitartez.

Egun, ekologismo eraldatzailearen esparru zabal bat lobby lanetan ari da instituzioek larrialdiari aurre egiteko benetako neurri antidesarrollistak har ditzaten. Nik, ordea, Adrián Almázan filosofo ekologistak Ecosocialismo descalzo liburuan (2018) adierazi zuen zalantza bera daukat: «Benetan uste al dugu miseriaren hedapenaren aurrean, naturak agindutako kontsumoaren derrigorrezko murrizketa batean, une horretako burokratek gehiengoaren interesak lehenetsiko dituztela beren bizi baldintzak bermatzearen gainetik? [...] Nahiago dut egungo egoerari aurre egiteko autonomiaren alde jokatuko duen mugimendua, zuzeneko demokraziaren ildotik». Autonomia materiala eta politikoa sustatzen dituzten mugimendu ekologistak indartu ditzagun, Euskal Herrian nahiz inguruan asko ditugu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.