ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Katie Bouman: izen-abizenez

2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Elhuyar Zientzia

Harrigarria dirudien arren, zulo beltza lortzeko proiektuan nabarmendu den izen nagusia ez da astronomoa edo astrofisikaria, informatika ingeniaria baizik. Eta are harrigarriagoa da informatikari hori emakumezkoa izatea, berekin proiektuan lanean aritutako hamar ingeniarietatik zortzi gizonezkoak baitira. Gaztea da, gainera; 29 urte baino ez ditu. Haren izena: Katie Bouman.

Askok zulo beltzaren irudia erakutsi zutenean zabaldu zen argazkian ezagutu dute Katie Bouman. Bouman ordenagailu baten aurrean dago; ordenagailuaren pantailan zulo beltza ikusten da, eta, atzean, formula matematikoz betetako arbel bat. Baina Boumanen irribarreak eta begiek gainerako guztia ezkutatzen dute: pozaren irudikapena da.

Alabaina, zulo beltzaren irudia ezagutu aurretik ere bazen nor. Adibidez, 2017an TED hitzaldi bat eman zuen. Hitzaldi horiek ospe handia dute, puri-purian dauden gaiei buruzko informazio sakona ematen baitute nazioarteko adituek. Boumanen hitzaldiak izenburu hau zuen: Nola egin argazki bat zulo beltz bati, eta ezaguna zen zulo beltzaren irudia argitaratu zain geundenon artean.

Hain zuzen, horixe azaltzen du hamar minutu pasatxoan: nola lortu zulo beltz baten irudi bat, munduan sakabanatutako zortzi irrati-teleskopioren datuetatik abiatuta. Horretarako dauden zailtasunak azaltzen ditu, eta haiek gainditzeko garatu dituzten bideak. Horretan gako izan da Boumanen lana, hark sortu baitu irrati-teleskopioen datuak tratatzeko programa informatikoa. Ulertzekoa da, beraz, haren poz-aurpegia iragarritakoa guztiz bete zela ikustean.

Programa informatiko hori doktoretza-tesian garatu zuen, Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT), eta hura izan zen Bouman zoriontzen lehenengoetakoa.

Denek ez dute, ordea, horrela hartu, eta sare sozialetan haren aurkako iritziak zabaldu dira. Are gehiago: zulo beltzaren irudia argitaratu eta bi egun ondoren, Boumanen sarrera sortu zuten Wikipedian. Bada, handik gutxira, artikulua kentzea aztertzen ari zirela zioen oharra jarri zuten han bertan. Nonbait, erabiltzaile batzuk kexu ziren; ikerketan berrehun ikertzailek baino gehiagok parte hartu zutenez, ez zitzaien iruditzen bidezkoa Katie Boumanen izena nabarmentzea.

Nolanahi ere, proiektuko kideak Boumanen alde jarri dira, eta egin duen lana ezinbestekotzat jo dute irudia lortu ahal izateko. Gainera, Boumanek berak ere hasieratik izan ditu gogoan parte-hartzaile guztiak; hain zuzen, hau esan zuen irudia argitaratu ondoren egin zioten lehen elkarrizketan (CNN): «Gutako inork ezin izango zuen bakarrik egin. Jatorri desberdinetako jende askori esker izan da posible».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.