Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Informatzeko askatasunaz

2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hogeita lau orduan, bitan ikusi dut norbait telebistako kazetari bat jotzen. Lehena astelehen gauean izan zen, Cuatro kateko En el punto de mira saioan. Bilbon —haientzat Barakaldo ere Bilbo da— azken asteetan izandako hainbat eraso modu interesatuan nahasten dituzten eta ikusiz gero gorputzaldi txarra uzten duten emanaldi horietako bat eskaini zioten ikus-entzuleari. Halako batean, talde bortxaketa egiteagatik atxilotua dagoen gazte baten etxera joan ziren, familiako kideekin hitz egin nahian. Atea itxi zieten. Bebarruaren kanpoaldean, paretik pasatzen ari zen gizon bat elkarrizketatzen ari zirela, atxilotuaren anaia eta lagun pare bat azaldu ziren. Minutu gutxian, tentsioa gora egiten ari zela ohartu eta alde egiten hastean, kameraria ostikoz jo zuten, eta baita kamera eta autoa ere, segidan. Saioak ohikoa duen tentsiozko tonuan egin zuten kontakizuna. Bigarrena, astearte eguerdian, ETB1eko albistegian. Mozorrotu batek buruarekin kamera jo zion Iturengo inauteriak (Nafarroa) grabatzen ari zen kamerariari. Segidan, gizon bat ikusten da, gertatua justifikatzen.

Bi egoerak —esan beharrik ere ez— erabat desberdinak dira. Gertakari komun bat duten arren, ezin dira zaku berean sartu. Eta, hala ere, distantziak distantzia, iruditzen zait oso kaltegarriak direla gure gizartearentzat. Hortik sortu da harridura eragin didana, bereziki Iturengoan: soinu gutxi xamar sortu du gertatu denak. Bakoitzaren iritziak iritzi, posizioak posizio eta ideologiak ideologia, bere lana egitera joandakoak askatasuna behar baitu lana egin ahal izateko. Ez du horrelakorik zertan jasan. Eta guk, gure gizarteak, neurri berean behar du hark lana askatasunez egiteko eskubidea izatea. Behin eta berriz aldarrikatzen dugu, hainbat gertakari ikusita. Oraingoan, aldarrikapena lausoa iruditu zait.

Mundu osoan oso presente dago informatzeko askatasunari buruzko eztabaida. Esate baterako, Donald Trumpek hainbat hedabideren aurka hasitako gurutzadak hauspotu egin du logikaz itzalia egon behar lukeena. Eta, tamalez, ez dakit balantza behar ez den aldera ez ote doan. Agian, egunen batean damutuko zaigun eta itzultzea kostako zaigun ikuspegi bat oharkabean ari da aurrera egiten, arrastoa uzten, bidea urratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.