MARIJAIAREN ZIMURRAK

Telebista eta Polizia Areatzan

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusiak bere telebista kate propioa izan zuen, 1984an. Telebistan ETB eta TVE soilik sintoniza zitezkeen garaia zen, eta La Bien Grabada izeneko kolektibo bat izan zen horren erantzule. Ikus-entzunezko ikasle talde bat zegoen egitasmoaren atzean, baina jaietako lehen egunean soilik egon zen ikusteko aukera. Egoera alegal batean jaio zenez, Poliziak seinalea eten egin zuelako. Herritik sortutako festek gisa bereko telebista eduki zezaketelako soilik. Telebista hori itxi zuten polizien presentzia ez zen oso estimatua izan jaietako eremuan, eta, horregatik, Guardamokordo izeneko ordena publikoko talde bat ere sortu zuten konpartsek 1980ko hamarkadan. Areatzan zehar patruilatu zuten jaiek irauten zuten egunetan, baina jardun horrek eskatzen zuen lan eskergagatik desagertu zen patruila.

Telebista zein Guardamokordo-en sorrerak garbi erakusten du Bilboko jaietako legea herritarrek euren kabuz egin nahi izan zutela. Baina horretarako zirrikituak itxi izan dira, eta konpartsen autonomia propioa ere eten izan da. Begirada laburragoa erabiliz, gogora ekar daiteke nola kendu zituzten ertzainek euskal presoen argazkiak Txori Barrote eta Kaskagorriren txosnetatik, eta nola debekatu zien udalak txosna jartzea bi urtez. Jone Artola Txori Barroteko kideari ere debekua ezarri zioten txupinera izateko, ostera epaitegiek horretarako eskubidea zuela onartu arren. Legea eta haren ordezkariak ez dira oso abegikor hartzen Areatzan; bestela, ikusi besterik ez dago Hontzak-en txosnan poliziaz jantzitako zakur erraldoiaren ondoko leloa: «Errua ez da zakurrena, euren jabeena baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.