jon olano
Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. ANALISIA

Pauso bat aldamenera

2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiak eta haren aurkako erantzunak zenbait ezaugarri azaleratu ditu ordu gutxiren buruan. Horietako bat da nork hartu duen erantzun horren lidergoa; Tsunami Demokratikoaren agerpenak kanalizatu ditu protesta nagusiak, eta bigarren planoan geratu dira alderdi politiko subiranistak.

Zergatik? Pentsatzekoa da arrazoi ugari egon daitezkeela protagonismoen birbanaketa horren atzean. Batetik, alderdien koiuntura. 2017ko urriaren 27ra -Independentzia deklarazioaren egunera- batasuna eta konfiantza higatuta zutela heldu ziren alderdi politiko subiranistak, eta harrezkero, jakina da azken bi urteetako ibilbidea: haustura gero eta esplizituagoa ERCren eta PDeCAT-Junts Per Catalunya espazioaren artean eta estrategia bateraturik eza. Oraingoz, Generalitatea libratu da norabide partekatu ezatik, bi indarrek osatzen dutenez gero gobernua, baina bestearen posizioekiko kritikek higatu egin dituzte elkarlanerako aukera eta bi sektoreen arteko sintonia. Horri erantsi behar zaio azaroaren 10eko hauteskunde kanpainan murgilduko direla alderdiak datozen egunetan, eta sektore bakoitzak izango dituela lanak nork bere esparru elektorala astintzeko. Artur Masek famatu zuen un pas al costat —pauso bat aldamenera— esapidea, eta hala egin dute alderdiek, nahita edo halabeharrez.

Erantzun horretatik aparte geratu da Generalitatea, 2017ko urriak erakutsi baitzuen Espainia prest dagoela Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko eta, horrekin, autonomian esku hartzeko. Orduko hartan, denboran mugatuta eta arlo batzuk interbentziotik kanpo utzita aritu zen Mariano Rajoyren gobernua, baina bigarren esku hartze baten mehatxuak berekin dakar haren neurria handiagoa eta luzeagoa izango denaren pertzepzioa. 2017ko urritik, soberanismoak ikasi du autogobernua zeharo galtzeko aukera mahai gainean dagoela eta garrantzitsua dela hari eustea; beraz, oraingo erronka da nola uztartu protesta eta desobedientzia zibila erakundeak kolokan jarri gabe, jakinik horrek agerian utziko dituela astelehenekoa bezalako kontraesanak: protestak hauspotzea eta, aldi berean, mossoek horiek jazartzea.

Hortaz, beldur horrek erantzun diezaioke aktore mobilizatzaileen aldaketari. Prozesu subiranistaren aurreko fasearen ezaugarrietako bat izan da aktore identifikagarriek eraman dutela gidaritza, buruzagi politikoek eta eragile sozialetako ordezkariek, baina aldaketa bat antzeman da hor; CDR Errepublikaren Defentsarako Komiteen ordezkaritza batek joan den astean eman zuen lehen elkarrizketa, eta ez zen ageri izen-abizenik edo aurpegirik, eta Tsunami Demokratikoak ere, ziklo mobilizazioaren protagonismo handiena bere gain hartu duen mugimenduak, anonimotasuna gorde du oraingoz; adierazgarria da hari ahotsa jarri dion bakarra Pep Guardiola futbol entrenatzaile entzutetsua izatea. Fase berrian, nabaritu daiteke katalanek 2017ko urrian baino hobeto ezagutzen dutela zer duten parean, eta, beldurra bainoago, prebentzio neurriak hartzen ari direla, etor daitekeenaren jakitun. Klandestinitate moduko bat, sare sozialen bidez mobilizaziorako deia zabaltzeko. Hortik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren oharra, esanez ikertuko dutela nor dagoen atzean. Kriminalizazioaren ajeak.

Ezkutuan edo publikoki, baina Tsunamiak ordu gutxiren buruan lortu du sententziaren aurreko zenbait joera iraultzea: espektatibak sortzea, jendea masiboki mobilizatzea eta independentista askoren aldartea eta itxaropena suspertzea; funtsean, amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko mugimenduari bultzada bat ematea. Hori guztia, ezinbesteko tresna baten bidez: berrikuntza eta irudimen politikoa; sorpresarako gaitasuna, arerio politikoa jokoz kanpo uzteko modukoa. Soilik horrela izango dira gai jokaleku berriak sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.