Maider Galardi
Jardunaldi feministak. IRITZIA

Nola heldu naiz ni honaino?

2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun

Hamar urte atzera, eta hor ikusten dut 14 urteko neskato nerabe bat institutuko korridoreetan aurrera eta atzera. Bere konplexu eta bere ego. DBHko bigarren mailako liburuez gain, pubertaroaren aztarnak, lehen maitasun istorioa eta gurasoen ezkutuan depilatzeko erabilitako krema bizkar gaineko motxilan sartuta. Eta zakuaren hondoan, beste hamaika zama, beldur eta konplexu ere bai. Motxilaren ezkutuko poltsikoan, berriz —institutura doazen gazte guztien zakuek dute ezkutuko potsikoren bat—, txiskero bat eta momentuko lagunik onenak utzi berri dion Itziar Zigaren Devenir perra liburua. A zer iskanbila sortu zuen 14 urteko haren buruan. Are gehiago, duela hamar urteko neska horrek eskatu zion baimena amari, azaroaren 25eko manifestaziora lehen aldiz joateko. Hamar urteren ostean, orain ere lehen aldia du 24 urteko neska gazteak: Euskal Herriko Jardunaldi Feminstetan dago, Durangon. Baimenaren beharrik ez oraingoan.

Landakon bildutako feminista bakoitzak izango du bere denbora lerro propioa. Emaginek atzo arratsaldean antolatutako tailerrean egin zuen bakoitzak bere genealogia, baina bizipen propioetan gotortzetik urrun, modu kolektiboan josi zituzten elkarren esperientziak. Eta hala marraztu zituzten bizitza lerroak: batzuetan gurutzatuta, besteetan elkarri oinak harrapatuta, besteetan bakoitza bere norabide propioan... Askotariko frekuentziekin, baina mugimendu beraren barruan.

Horixe baita feminismoa —pluralean ere irakur liteke—: mugimendu beraren barruko hamaika ahotsen batura. Hamaika ahots bizitza bizigarriagoen alde, hamaika ahots zaintzaile, hamaika ahots deseroso. «Bide komuna jostea da feminismoa» aldarrikatu zuen, atzo Trabajadoras No Domesticadas-eko hizlariak. Ohar ere egin zigun: «Feminismoa norberak bere buruari tranpak egiteari uztea ere bada».

Izan ere, aldarrikatzen dugun %99aren aldeko feminismo horren barruan askotariko %99a dagoela oroitarazi ziguten Danele Sarriugartek eta Jule Goikoetxeak atzo eguerdiko eztabaida saioan. Eta zergatik ez, interesgarria litzateke onartzea zenbait emakume feminista ere izan gaitezkeela zapaltzaile testuinguruaren arabera. Eskerrak gure pribilegioen kontzientzia harrarazi eta burua jaitsarazi ziguten Dekolonialitatea mahai inguru nagusiko hizlariek: «Pozik gaude, ikusten dugulako honek guztiak azkura handia eragiten dizuela», zioen parte hartzaile batek.

Dena ez da izango autoflagelazioa, ordea. Eskerrak Plateruena jardunaldien gune nagusiaren ondoan dagoen, azken hitzalditik irten, eta nahastuak ditugun barrenak baretzeko adina trago hartu ahal izateko. Eskerrak egun osoan pilatutako informazio korronte hori eteteko perkusio ikuskizuna dagoen Landakon. Baina, batez ere, eskerrak kidez eta lagunez inguratuta zauden. Horixe ere badirelako Euskal Herriko Jardunaldi Feministak. Hamar urteko bidean egindako lagun gazte eta ez hain gazteren bilgunea. Tartean, gaztetatik ibilbide militantean konplize izandako lagun mina, eta Devenir perra liburuaren jabea.

Eta, pentsatzen jarrita, hamar urte izango dira neskato nerabe hura mobilizatzen hasi, antolatu, erori eta altxatzen dela feminismoaren eskutik. Eta, halere, bere lehen Euskal Herriko Jardunaldi Feministak ditu. A zer zirrara. Goizeko bederatzietan gunera ailegatu, prentsakoentzako atondutako balkoira igo, eta hainbeste aulki eta oholtza nagusia ikusita, dagoeneko hamar urte zaharragoa den 14 urteko neskato horrek galdetu dio bere buruari: «Nola heldu naiz ni honaino?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.