Danel Agirre.
SASKI DA!

Hau ere kenduko digute noizbait

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Gero eta ezatseginagoa. Azken urteetako sare sozialetako Gorroto dut futbol modernoa leloak bistaratu du, inongo ondorio praktikorik gabe, eliteko lehiaketa merkantilizatuekiko zaleek—kontsumitzaileek— nabari duten aldentzea. Kluben eta profesionalen salerosketan ari diren pertsonaia aski ilunak, erabaki guztiak balantze ekonomikoei begira hartzen direlako sentsazio etsigarria, kirolaren aberastasuna ezagutzera eman beharrean trama pertsonal txatxuen ustiaketan dabiltzan komunikabideen errazkeria... Bada zer gorrotatua. Galdutako beste guda bat da hau, ordea, entretenimenduaren industria globala ondoegi koipeztatutako makinaren beste engranaje bat baino ez delako.

Saskibaloia ez da libratzen. Behin lehiaketa garrantzitsuenak korporazio handiei entregatuta, beste nonbait begiratu beharra dago istorio benetan interesgarriak bilatzeko: Real Madrilen hamabigarren Txapeldunen Ligaz ezer interesgarrik kontatzerik ez dago. Saskibaloian panorama ez da askoz hobea. NBAko batez besteko soldata sei milioi dolarrekoa da aurten. Euroliga une jakin batean aberatsenak ziren kideek modu oportunistan itxitako koktel pribatua da. ACB liga ere ez da TDK Manresa txapeldun bilakatzea ahalbidetzen zuen txapelketa aldakor hura: bi munstro aseezinen monopolio bilakatu da, kondarrengatik aritzeagatik gustura diruditen beste gainontzeko partaideen konplizitatearekin. Ustelkeria —ustelkeria handiegirik— gabeko ikuskizuna, emozioa, giro aparta eta joko maila txukunaren bila dabilen saskibaloi modernoaren hater-ak (gizonezkoen lehiaketez ari gara, emakumezkoenak ez ditu diruak kontaminatu, zoritxarrez eta zorionez) arnasbide ia bakarra du: NCAA, AEBetako unibertsitateen arteko liga. Eta asteotan, partidak eta partidak irentsiz izugarri gozatzeko parada. Martxoa da saskibaloi zalearen abuztua.

Dentista izatera doan hori.March Madness-a, martxoko zoramena, sasoiko 68 ikastetxe onenek jokatutako kanporaketa segida zoroa da. Joan den ostegunetik da abian, eta San Antonion izango du lauko finala datorren astean. Oso erakargarri bilakatzen duen bereizgarria du: protagonistek ez dute zentimorik usaintzen parte hartzeagatik. Gainera, partaideen gutxiengoak baino ez du profesional izateko benetako xedea. NBAko All Star bihurtzera doan batek urte gutxitan dentista izango den ikaslearen aurka gal dezake finala. Horrez gain, txapelketa inguratzen duen liturgia benetan da ederra. Nahiz eta lehiak unibertsitateen campusetatik urrun jokatu, mukuru bete ohi dira pabiloiak. Europa hooligankeriaren berpizteari ikaraz so ari den honetan, pentsaezina da March Madnesseko zaleen arteko istiluren bat imajinatzea: harmaila kolore bakoitzeko milaka elastikoko bi bloketan banatzen da, baina festa bakarra ospatzeko.

Tramite nekosoa. Kirol lehiaketa perfektua, miretsi eta mimatu beharreko indiar erreserba dirudien NCAA honek identitate krisi larria bizi du. Erruduna, nola ez, bakarra eta betikoa da, lehenbiziko bi paragrafoetako narraskerien berbera: txanpona. Atletak soldata gabe ari diren arren, diru iturri oso oparoak dira kirol programak unibertsitateentzat, lantalde oso garestiez gain (Dukeko Mike Krzyzewskiren lansaria urtero ia hamar milioi dolarrekoa da), eraikin berriak ordaintzen dituztenak, besteak beste. NCAAko puntako eskola batek arropa markekin sinatu ohi dituen kontratuek ez diete inbidiarik Txapeldunen Ligako handikienei. Estatu Batuetan, urteekin aldatuz joan diren araudiak direla medio, unibertsitatetik pasatzera ia behartuta daude jokalariak. 19 urte bete arte ezin dute sinatu NBAn hitzarmenik; NFLan, institututik irten eta hiru sasoi igaro arte. Profesional izatera doazen askok, zoritxarrez, lesionatzeko eta merkatu balioa galtzeko baino balio ez duen tramite nekoso moduan ikusten dute aspaldian NCAA. Gero eta gehiago dira ikasleek pastelaren zatia jaso dezaten proposatzen duten kritikoak. March Madness-ari ere xarma lapurtuko diote akaso laster, eta beste afizio baten bila hasteko garaia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.