Danel Agirre.
SASKI DA!

Condoleezza Riceren esperoan

2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Ez daude hain urrun. Sasoi osoko irregulartasuna azken jardunaldiko azken laurdenera arte uxatzerik lortu gabe ere, ligako final-laurdenetarako sailkatu ziren joan den zapatuan IDK eta Gernika. Finalerdietara pasatzeko etxetik kanpo lehia bana irabaztea tokatuko zaie, nabarmen hobeak izan gabe, nabarmen jarduera egonkorragoa azaldu duten bi kontrarioren aurka. Bizkaitarrek txapelketako estatubatuar bikote emankorrena desaktibatu beharko dute: Ferroleko Princek eta Weisnerrek osatutakoa. Bolada apartan daude biak. Donostiarrei ezagunak zaizkie Mann-Filterren izarraren truko guztiak, Paola Ferrari joan den udan aldatu zelako Gaskatik Zaragozara. Sailkapenaz gain, IDKn bada beste berri on bat, taldeko iparrorratzak, Iva Brkicek, beste urtebetez luzatu baitu kontratua.

Aurkaria aukeratzeaz. Ostegunean Baskoniak Anadolu Efesi irabaziz gero, biharamunean Euroligako final-laurdenetako bere aurkaria hautatu ahal izango du Olympiakosek. Zalgirisi Atenasen irabazten utzi, eta lituaniarrak izango ditu parean. Toki berean, bi asteren buruan hasiko da kanporaketa (gasteiztarrei Fenerbahce txapelduna egokituko litzaieke). 1999an, Julio Lamasen Tau Ceramicak, Pruszkowen aurka galdu zuen Saporta Kopan, hurrengo bi faseetan Valentzia eta Boloniako Kinderren aurka aritzea ekiditeko. Aukeratutako bidean Atenasko AEK izan zuten kontrario. Greziarrek kaleratu egin zuten Baskonia, pasada emanda, gainera. Kanporatzea baino askoz okerragoak suertatu ziren, gertatutakoak Gasteizen utzitako tonto aurpegiak.

Egitate bakarra. Ekaitz perfektua izan da Pazko asteburuan Bilbo Basketek jasan berri duena, bere porrota eta sailkapeneko hiru azkenen garaipenak aldi berean gertatu direlako. Baina hilabeteak dira beltzezkoak ACBko talderik txarrena direla, eta apurka ACBko talderik txarrenari dagokion postura jausten ari dira, ez besterik. Sotoan ez amaitzeko motibazioa baino zerbait gehiago azaldu beharra dute. Izan ere, Teneriferen aurka egiaztatu moduan, izerdia eta adorea ez dira nahikoa. Taldeak saskibaloi itxurosoagoa eskaintzeko gaitasunik ba ote duen asmatzea ez da batere erraza. Fitxaketa gehienen benetako maila misterio bat da oraindik ere, eta Veljko Mrsic entrenatzailearen ekimen guztiak porrot egiten ari dira, oraingoz. Litekeena da aste honetan larrialdiko pieza trukeak izatea, hilabete gutxitan hirugarrenez; eta, tamalez, kirol zuzendaritzaren benetako maila ere misterio bat da oraindik ere.

Liga ez hain txikiak. Gizonezkoen NCAAn, Condoleezza Ricek (Condoleezza Rice horrek) zuzendutako komisio batek amateurismoari buruz idatzi txostena, apirilaren 25ean ezagutuko da. Apurtezinak ziruditen unibertsitateen fatxadak pitzatzen ari den ustelkeria garbitzea da xedea. Horretarako, ikasteko guraririk gabe profesional bihurtzea beste asmorik ez duten nerabeak sistemara ez sartzea nahi du NCAAk. NBAren konplizitatea beharko du. Ez da espero Adam Silver komisionatuak atzera egin, eta draft zozketara aurkeztu ahal izateko 2006an ezarritako 19 urteko gutxieneko adina baliogabetzea. Litekeena da NBAk jokalariak garatzeko duen lehiaketa, G League-a, sustatu eta zabaltzea, beisboleko liga txikiak ispilu hartuta. LeBron Jamesen babesa jaso duen proposamena da. Hura ez zen unibertsitatetik pasatu, hartan institututik NBArako zuzeneko saltoa posible baitzen oraindik. NCAAn Syracusekin aritzea hitzartua zuen 17 urteko Darius Bazleyk. Baina atzera egin, eta G Leaguean urtebete igaroko duela iragarri berri du, draft-era aurkeztu ahal izateko adina bete arte. Europako saskibaloiarentzat laino ilun samarrak dakartza horrek. Agenteek burua berotutako Serbia edo Lituaniako nerabe eta gurasoentzat tentaldi bilaka daiteke G Leaguera ahalik eta arinen salto egitea, frankizien arreta eskuratzen saiatzeko. Eta balizko NBAren liga txikiek pisua hartuz gero (soldatak orain baino lehiakorragoak badira, esan nahi da), Euroligan ari diren beterano askok ere nahiago izango dute bertan itxaron frankizietako baten deiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.